XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oraindik ere bazegok harri zaharrean estrapozo egiteko boluntariorik! erantzungo du besteak.

Agirretar jatorrak orduantxe

Beha ezazue areto honetan, gizonezko guztion artean atzematen duzuen agirretarren bat.

Ez, ez da gorreriak belarria luzatzera behartzen duen hura.

Ez, ez da kopeta izerdituan eskua behin eta berriro pasatzen duen hori.

Ez, ez da eztul handiak eginez karkaxa musuzapian botzen duen hau.

Jubilatu guztion artean gazteena ematen duen atzekaldeko huraxe da, kaskazuria, ume bihurri baten behakoa duena, beginabarra, hitzei erne egon den horixe da, korbatarik gabe etorri den bakarra, enpresako jerentearen hitzaldia amaitutakoan eskua jasoko duen hauxe da Agirre'tar Nikola, berak inoiz esaten duen bezala, izenobez Metxa.

Halakoxea da Metxa: enpresan berrogei urte egindako jubilatu guztiek txaloka hasi behar duten une berean, eskua jasoko du hitza eskatzeko, eta esango duenak jerentea urduritu eta gainontzeko jubilatuak haserretu ere egingo ditu.

Askok auzo-lotsa hartuko dute, norbaitek pentsatuko du arrazoia duela baina ez dela hau horrelakoak egiteko momenturik egokiena, eta sindikalista zaharrek ere Metxa kaskarin xamarra dela esango dute, indibidualista bat.

Jerenteak betikoa pentsatuko du, Agirre'tar Nikola hori langile langilea izan dutela, baina ez oso fidagarria.

Gazteekin ibilizalea.

Damutuko zaio Norteko Indar Argien jerenteari prentsa eta telebista ere gonbidatu izana zeremonia honetara.

Zutituko da Metxa eta orduan ikusi ahal izango dugu txipia dela, zimela, gizen asko bildu gabea, bizkorra.

Hitza hartuko du, eta ez du jerenteak bezain luze jardungo, (...)